GARA > Idatzia > Kultura

Zinegoak-en X. edizioko ohorezko saria jaso du GaŽl Morelek Arriagan

Zinegoak jaialdiaren X. edizioaren hasiera ekitaldian jaso zuen aurtengo ohorezko saria Gaël Morel aktore, gidoilari eta zuzendaria frantsesak. Golem Alhondiga zinemak hartuko du, gaur, «Notre paradis» haren azken filmaren emanaldia. Sarrera doakoa izango da.

p044_f02_98x81.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Bilboko Arriaga antzokian egin zuten atzo Zinegoak-en (Bilboko gay-lesbo-trans zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdia) X. edizioaren hasiera ekitaldia. Gaël Morel aktore, gidoilari eta zuzendari frantsesak jaso zuen bertan aurtengo ohorezko saria.

1994an hainbat Cesar sari jaso zituen Andre Techineren «Les Roseaux sauvages» (Ihi basatiak) filmeko protagonista dugu Morel. Jaialdiaren arduradunen esanetan, asko dira filma ikustean Gaël Morelek egiten duen «pertsonaiarekin bat» egin dutenak. «Lagunarekiko maitasuna eta, besteak beste, norbanakoen gatazkak» islatzen dituen film honek hainbat eta hainbat gay markatu ditu. Osagai hauek guztiak direla-eta, erabaki zuen jaialdiak ohorezko saria Moreli ematea.

«Pozik nago ohorezko sari honekin. Izan ere, hau ez da nire ibilbideari amaiera ematen dion saria, aurrera jarraitzeko gogoa eta beharrean bakarrik ez sentitzeko sostengua ematen dituena baizik», adierazi zuen Gaël Morelek goizeko prentsaurrekoan.

«Aurtengoa dugu etorkizuna duen bati, gazte bati, ohorezko saria eman diogun aurreneko aldia. Espero dugu, beraz, homosexualitatearekin loturiko gaiak -testuinguruari lotuta- modu zuzenean jorratzen segituko duela».

Zinemagile gaztea

Gaël Morel Rhône eskualdeko Villefranche-sur-Saône herrian jaio zen, 1972an. Zinemarekiko

zaletasuna nerabezarotik datorkio, eta 18 urterekin Cannesko zinemaldiko epaimahai gazteko kide ere izan zen.

«Probintzia batean eta langile familia batean jaioa naiz; ez da, beraz, zinemagintzara gerturatzeko bide arrunta, Parisetik eta burgesiatik pasatu ohi dena», esan zuen Morelek. «Zaletasuna, ihesbidea izan zen zinema eta, behin heldua izanik, eutsi nion ametsari».

Aktore lanetan segitzen badu ere, ia hogei urte pasatu dira «La Vie à rebours» filma zuzendu zuenetik. Bestalde, 2006an, Zinegoak-en film luze onenaren saria jaso zuen «Le clan» (2004) lanagatik.

Gaur, 19.45ean, Golem-Alhondiga zinemetan, bere azken lana, «Notre paradis», ikusteko parada izango dugu.

Homosexualitatearekin loturiko gaiak agertu arren, Morelek ez du nahi horiek bere filmen «oinarri» izan daitezen. Horrela, «Notre paradis» filmak gazte biren arteko harremana du ardatz, nahiz eta testuingurua Parisko gizonezkoen prostituzioa izan: «Muturreko filma da hau. Grina baten istorioa kontatzen dut eta, aldi berean, «Bonnie and Clyde» bezalako AEBetako B serieko filmak omendu nahi izan ditut; kasu honetan ere, bikote bat dugu protagonista, baina mutilak dira biak. Filmak, istorioak, badu pasio-alde bat eta krimen-alde bat», azaldu zuen Gaël Morelek. «Maitasun eroa da; momenturik onena ez den batean bizi izandako maitasuna».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo